|
|
 |
Tamaina handiko 23 ezki landatzen ari dira egunotan Areetan Igorlea: UKBERRI.NET - Data: Asteartea, 2010 Mar, 09 - 07:20 PM
15 Irakurketa
Areetako Zugatzarteko pasealekuan tamaina handiko 23 ezki landatzen ari dira egunotan, Getxoko Udalaren aginduz. Zuhaitzok Belgikatik datoz eta 5 eta 12 metroko garaiera dute eta batzuk, handienek, 30 urte dituzte. Tokiko erakundeak 227.360 euro gastatuko ditu, guztira, jarduera horretan. Getxo udalerrian lehenengo aldiz landatuko dituzte era horretako arbolak. Lanak datorren astera arte luzatuko dira eta Club eta Cervantes kaleen arteko tartean kokatuko dituzte aleak. Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotzi Joseba Arregik, gaur aipatu duenez, “pasealeku honen paisaia berreskuratzeko lehen fasea da, azken boladan izandako eguraldi txarraren, eta batez ere, pasa den urteko ziklogenesiaren eraginez arbola asko, 17 guztira, jausi ziren eta. Horrekin batera, adinagatik eta gaixotasunagatik galdutakoek Zugatzarteko pasealekuaren nolabaiteko itxura soildua utzi dute. Horregatik, orduan galdutako zuhaitzak berriz hornitu behar ditugu pasealekuaren irudia berreskuratu aldera”. Hurrengo faseek, etorkizunean, Zugatzarte berreskuratu eta hobetzea izango dute helburu, Arregik aurreratu duenenez. Argazkian, ezki berriak landatzeko lanak / © Getxo.net.
|
|
Palestinari buruzko hitzaldia izango da etzi Leioan Igorlea: UKBERRI.NET - Data: Asteartea, 2010 Mar, 09 - 06:28 PM
17 Irakurketa
“Welcome to Palestine” izenburuko erakusketa igandera arte, martxoak 14, egongo da ikusgai Leioako Kalian hiri kultur gunean, Iturriondo kaleko 2. erdisotoan. Leioako metro geltokiaren ondoan. Bakea eta Duintasuna elkarteak eta Biladi palestinar kultur zentroak antolatuta, herri palestinarraren errealitatea hurbildu nahi dute herritarrei ekimenak: "1948tik okupazio militar bati eutsi eta bizitza duin bat izaten saiatzen den herri baten errealitatea, alegia", adierazi dutenez. Erakusketa 14 panelek osatzen dute; horien artean autore ezberdinen argazkiak, mapak, testu laburrak eta Palestinako olerkarien bertsoak daudela. Bitartean, ostegunean bertan, gai horren inguruko hitzaldia eskainiko dute, Kalianen, gaueko bederatzietatik aurrera. Argazkian, Gazako lotsaren harresia.
|
|
Areetako kaian paperontzirik ez dagoela salatu du PPk Igorlea: UKBERRI.NET - Data: Asteartea, 2010 Mar, 09 - 05:50 PM
17 Irakurketa
Getxoko Udalak Areetako pasealekua zahar-berritu ostean paperontzirik ez duela jarri kritikatu du gaur goizean Getxoko PPk. Marisa Arrue zinegotzi popularrak nabarmendu du kaian “2.300.000 euro gastatu ostean erabat ahaztu" dutela zaborrontziak jartzea. Areetako hondartzatik Bola hondartzara doazen 1.500 metrotan kale-argi eta banku berri ugari daude baina ezin da paperontzi bakar bat ere ez topatu. Horregatik "eta pasealekua garbi mantentzeko asmoz", arazo honi konponbidea "ahalik eta lasterren" jar dadin eskatu dute popularrek. Getxoko Udal Gobernuari "kaian behar diren beste paperontzi ipintzeko" aldarrikatu diote. Pasa den ostegunean inauguratu zuen Imanol Landa alkateak aipatutako pasealekua. Gogoratu zuenez, Areetakoa "Bizkaiko pasealekurik erabilienetakoa da, Getxoko pasealeku nagusiena, udalerriko irudi eta posta txartela".
|
|
Haur eta gazteentzako irteera bana antolatu du Leioako Euskara Zerbitzuak Igorlea: UKBERRI.NET - Data: Asteartea, 2010 Mar, 09 - 05:45 PM
24 Irakurketa
Leioako Euskara Zerbitzuak gazte zein umeentzako irteerak antolatu ditu. Alde batetik, Txilinbueltaka programaren barruan, Hondarribiko aterpetxera joateko aukera izango dute 1998tik 2003ra bitartean jaiotako neska-mutilek, 74,20 euro ordainduta. Bestalde, Gazterpe Abentura egitasmoaren barruan, 1994tik 1997etara bitartean jaiotako gazteak Orioko Aterpetxera joan ahal izango dira, prezio berean. Izena emateko epea martxoaren 10etik 17ra arte egongo da irekita, bi irteeretarako, 9:00etatik 14:00etara. Biak ala biak apirilaren 6tik 9ra bitartean izango dira. "Gogoratu behar dugu irteera hauen helburua umeak eta gazteak euren aisialdia euskaraz gozatzeko pentsatua dagoela, horregatik parte hartzen duten gazteek euskaldunak izan behar dira", adierazi dute Euskara Zerbitzutik. Argazkian, Getxo udalerrian egiten duten Bapiruke euskarazko aisialdiko programak ere izen-ematea zabalduko du martxoaren 15ean, kasu horretan Aste Santuko egonaldi irekietarako.
|
|
Lutxanako bidegurutzean oinezkoentzako lurpeko pasabidea jarriko dute Igorlea: UKBERRI.NET - Data: Asteartea, 2010 Mar, 09 - 03:24 PM
39 Irakurketa
Aurrerantzean oinezkoentzat arriskutsu izateari utz diezaion, Lutxanako bidegurutzean herrilanak egingo dituzte Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Lan Sailak eta Erandioko Udalak. Asua-Erandio errepidearen eta itsasadarreko galtzadaren arteko bidegurutze horretako segurtasuna hobetzeko hitzarmena sinatzea onartu du gaur Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak, eta laster protokoloko sinadura gauzatuko dute. BI-735 eta BI-711 errepideen arteko bidegurutze horretarako proiektuaren arabera, errepide azpitik oinezkoentzako lurpeko pasabide bat egingo da, Lutxanatik Altzagarako joan-etorria oinez egiten dutenek arriskurik izan ez dezaten. Gainera, Itsasadarreko errepidean (BI-711) oinezkoentzako ibilbide bat jarriko dute. Proiektua gauzatzeko, 796.544,36 euroko aurrekontua ezarri du Foru Aldundiak. Udalak, bere aldetik, proiektua gauzatzeko beharrezko diren lurzoruak eskuratzeko ardura izango du. Argazkian, Lutxanako bidegurutzea / © Erandio.net.
|
|
Ikasleek ere aldarrikapen feministekin egin dute bat eskualdean Igorlea: UKBERRI.NET - Data: Asteartea, 2010 Mar, 09 - 02:43 PM
28 Irakurketa
Uribe Kostan eta Erandion hamaika ekimen burutu ziren atzo, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta. Ikasleek ere haien harri-koxkorra ekarri nahi izan zuten parekidetasuna eta hezkidetza helburu. Uribe Kostako Ikasle Abertzaleak erakundeak jakinarazi duenez, besteak beste, Aixerrota eta Artatza-Romo institutuetan elkarretaratzeak egin zituzten 20 eta 10 lagunek, hurrenez hurren. Egungo hezkuntzak emakumeei "morrontza" ezartzen dien sistema "kapitalista inperialistari" egiten diola mesede salatu du IAk. Horrela, eskola sistema mistoan arrakasta eskuratzeko emakumeak "rol zapaltzailea" hartzera bideratzen dituztela kritikatu eta "rol txarrak" ez barneratzeko deia egin du ikasleen erakundeak. Horren aurrean, berriz, hezkidetzaren aldeko apustua berretsi egin dute, egungo testuliburuak eraldatzea eskatzen duena. Argazkian, Aixerrotan egindako elkarretaratzearen irudi bat / © Uribe Kostako IA. Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.
|
|
Emakumeen "prekarietatea" salatu dute Algortan Igorlea: UKBERRI.NET - Data: Asteartea, 2010 Mar, 09 - 01:07 PM
46 Irakurketa
Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, emakumezkoek egun pairatzen duten "behin-behinekotasuna" salatu zuen atzo Algortan Uribe Kosta eta Erandioko mugimendu feministak. Erandiotik Algortaraino emakume gazte asanbladek arratsean egindako bizikletadaren ostean, iluntzean 144 neska-mutil manifestazioan atera ziren eskualdeko hiriburuko kaleetatik, "Feminismoz prekarietatea suntsitu!" lelopean. Parekidetasuna eta lan duinen aldeko aldarrien artean, martxa Teilagorri plazara heldu zen. Bertan gogoratu zutenez, atzo ere Emakumeen Mundu Martxa abiatu zen mundu mailan zein Euskal Herria mailan ere, Iruñetik. Bilgune Feminista eta LABeko kide banak euskaraz eta espainolez azaldu zutenez (mp3), hirugarren martxa honetarako ere "milaka arrazoi" daude, "besteak beste, prekarietatea, pobrezia, indarkeria, ikusezintasuna eta diskriminazioa" jarraitzen dutelako "emakume aurpegia" izaten. Ekitaldia performance-a, "Zutik, emakumeak!" ereserki feminista eta lunch batekin amaitu zuten. Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.
|
|
Martxoaren 27an abiatuko dira emakume etorkinentzako heziketa eta topaketa tailerrak Getxon Igorlea: UKBERRI.NET - Data: Asteartea, 2010 Mar, 09 - 12:03 PM
26 Irakurketa
Emakume etorkinentzako (beti ere Euskal Herritik eta Espainiatik kanpoko emakumeei buruz ari dira) heziketa eta topaketa tailerretarako izena emateko epea zabalik dago. Getxoko Udalak antolatu du ekimena, bigarren urtez, Elkargune, Etorkinentzako harrera programaren barruan. Horren helburua emakumeei "bidaiari gisa izandako historiaren inguruan elkarrekin hitz egiteko eta hausnartzeko aukera eskaintzea da, pozak, tristurak eta ametsak batera komentatzeko beta izateaz gain", tokiko iturriek aipatu dutenez. Tailerrak martxoaren 27an hasiko dira eta sei larunbatetan txandakatuta izango dira, 17:00etatik 20:00etara, Gizarte Zerbitzuek Algortako Urgull kalean duten bulegoan (bigarren solairuan). Urritik abendura bitartean berriro egingo dituzte (izen ematea irailean). Pertsona interesatuek udalerriko herritarren arreta bulegoetan (Itzubaltzeta / Romo eta Algortako HABek arratsaldez ere ematen dute arreta) izena eman dezakete; baita www.getxo.net web gunearen bidez ere. Informazio gehiago 944 660 151 telefono zenbakian. Haurtzaindegi zerbitzua ere egongo da. Argazkian, emakume etorkin bat Algortako San Nikolas plazara bidean, aspaldi / © Getxo.net.
|
|
Internet bidez iruzur egiten saiatzen ari direla ohartarazi du Getxoko Udaltzaingoak Igorlea: UKBERRI.NET - Data: Asteartea, 2010 Mar, 09 - 11:44 AM
25 Irakurketa
Interneteko gizarte sareak erabiltzean datzan iruzur berri bat atzeman duela ohartarazi du Getxoko Udaltzaingoak. Polizia iturriek azaldutakoaren arabera, posta elektroniko bidez, lanpostu bat eskaintzen diote erabiltzaileei iruzurgileek; klaseak emateko edo, antzemandako kasuan bezala, enpresa garrantzitsuenen publizitate kanpainetan irudia erabiltzeko. Irudi pertsonalaren ustezko erabilpenaren truke, biktimak kontratu faltsua jasotzen du, normalean, Londreseko helbide batetik eta ingelesez. Kontratu horretan ustezko enpresa kontratatzailearen izena agertzen da; baita herrialde horretako Merkataritza-erregistroaren ustezko inskripzio zenbakia ere, sinesgarritasun handiago emate aldera. Ondoren, jasotzaileari jakinarazten diote 1.000 edo 2.000 eurotako bidaia-txekeak jasoko dituela, inoiz ez 3.000 euro baino gehiagokoak. Horiek bere kontu korrontean sartu eta “agente” bati %80ko komisioa bidaltzeko eskatzen diote; biktima %20rekin geratzen dela uste duen bitartean. Iruzurra bidai-txeke faltsu horien bidez egiten dute. Peritatze ofizialean bere faltsutasuna egiaztatu da eta horiek “garbitutako txekea” izena dute, Getxoko Udaltzaingoak aipatu duenez. Argazkian, Getxoko Udaltzaingoaren Koordinazio Zentroa / © Getxo.net.
|
|
Trafiko aldaketa gehiago egin dituzte Maidagan kalean Igorlea: UKBERRI.NET - Data: Asteartea, 2010 Mar, 09 - 11:24 AM
24 Irakurketa
Atzo, astelehenarekin, Getxo aldeko Maidagan kaleko errail bat trafikora itxi zuten, Santa Maria eta Sollube kaleen arteko bide-zatian. Gauzak horrela, Sollubera bidean autobusak soilik ibil daitezke orain. Kontrako noranzkoan zirkulazioa baimenduta dago, eta semaforoen bidez erregulatuko da. Aldaketa, Maidagan eta Santa Marina kaleen bidegurutzearen berrantolaketarako lanen barruan kokatzen da, udal iturriek aipatu dutenez. Trafikoaren lehen desbideratze horrek hilabete iraungo omen du, gutxi gorabehera. Obrek irauten duten bitartean, lanak egiteko beharrezkoak diren desbideratzeen berri emango da. Lanek, guztira, bost hilabete iraungo dute. Tokiko agintariek seinaleei adi egotea eta hobekuntza lan horiek sor ditzaketen trabengatik barkamena eskatu dute. Argazkian, trenbide-pasagunetik Mugarra kalera arteko zatia ere itxita dago.
|
|
Bizarra Lepoan, Egizu,"UK" aldizkaria eta UKBERRI.NETeko lagunak: "Inmari bihotzez" Igorlea: UKBERRI.NET - Data: Asteartea, 2010 Mar, 09 - 10:29 AM
60 Irakurketa
Kaixo Inma! Gutunak idaztea zaila izaten da gehienetan, are gehiago, bihotzeko kontuak letren bitartez kanporatu behar ditugunean. Zuk ekarritakoak, bihotz kontuak dira guretzat; bai, barruraino heldu baitzaigu zure ekarpena. Egunerokotasunean murgilduta geundela heldu zinen gure mundu txikira, paper eta agendako hitzorduen artean galduta geundela. Ezustekoa izan zen guretzat, digeritzea zaila egin arren, sabelean sentsazio ederra uzten duten ezusteko horietakoa. Ohituta gaude komunikabideetan entzuten, urruneko herrialderen batean gertatutako hondamendi handien ondorioei aurre egiteko, erakundeek zein banakoek diru-laguntzak eman dituztela. Zuk aldiz, horiei begiratzeaz gain, gure herriko euskararen mundu txiki-hurbilari kliska egin diozu. Eta bihotzez eskertu gura dizugu hori, bultzada ederra eta aurrera egiteko adorea ematen baitigu gure beharrean sinesten duen jendea badagoela ikusteak. Argazkia: cc-by-sa Micoletán (Maria).
|
|
Arrakastatsua suertatu da tokiko emakumeei buruzko argazki erakusketa Berangon Igorlea: UKBERRI.NET - Data: Asteartea, 2010 Mar, 09 - 07:07 AM
27 Irakurketa
Larunbatean, martxoak 5, udal pilotalekuan egindako argazki erakusketaren bitartez eman zitzaion bukaera "Berangoko emakumeak: atzo, gaur eta bihar" ekimenari; baita amaiera arrakastatsua izan ere. Tokiko iturriek adierazi dutenez, ehunaka lagun gerturatu ziren frontoira, "askotan, oroitzapen kutunak berreskuratu gogora ekarri zituzten irudiok" ikusteko asmoz. Udalerriko emakumezkoak izan dira ekimenaren sustatzailerik nagusienak, eurek eman baitituzte erakusketarako argazkiak, Agueda Otxandategirekin hasi eta 2010ean jaiotako neskatxoekin amaitutako ibilbide grafikoa osatuz. Berangoko Udalak antolatuta, "emakumeek historian izan duten protagonismoa berreskuratu eta andreak bigarren mailara alboratzeko erabili izan diren estereotipo zaharkituak ezabatu" nahi izan dituzte ekimenaren bitartez. Argazkian, hainbat emakume erakusketaz gozatzen / © Berango.net.
|
|
Lore Eizagirrek eta Sandra Rodriguezek irabazi dute Open Uribe Kosta surf txapelketa Igorlea: UKBERRI.NET - Data: Astelehena, 2010 Mar, 08 - 10:13 PM
26 Irakurketa
Open Uribe Kosta surf txapelketaren finala hartu zuen atzo, igandea, Sopelako Arrietara hondartzak. Martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira antolatu zuen A eta B kategoriatako surflari guztiei irekitako lehiaketa Uribe Kostako Mankomunitateak. Bada, Zarauzko Lore Eizagirrek irabazi zuen gure kostaldean jokatutako emakumezkoen neguko lehen txapelketa. Metro bateko olatuak eta tenperatura oso hotzak izan ziren finalean. Sandra Rodriguezek irabazi zuen B kategorian. Maila horretan esperientzia gutxiagoko surflariak aritu ziren. Tokiko iturriek aipatu dutenez, partaidetza handia izan zuen irekiak, Kantauri kostaldeko toki desberdinetatik ia 30 surflari etorri baitziren. Argazkian, LABek deituta otsailaren 16an salatu zuten heriotza Sopelan / © Sopela.net.
|
|
Gizon bat atxilotu dute Getxon urruntze agindua haustea egotzita Igorlea: UKBERRI.NET - Data: Astelehena, 2010 Mar, 08 - 07:54 PM
20 Irakurketa
Getxoko Udaltzaingoak C.M.A.C inizialak dituen 24 urteko gizona atxilotu zuen atzo, igandea, Getxoko Epaitegiak bere bikotekide ohiarengatik urrun egoteko kaleratutako agindua hausteaz akusatuta. Udal iturriek zabaldutako bertsioaren arabera, goizaldeko 4:30ak aldera deia jaso zuten Udaltzaingoaren Koordinazio Gunean, babestutako pertsona baten etxebizitzaraino bere bikotekide ohia heldu eta atearen sarraila manipulatzen ari zela esanez. Apur bat geroago, udaltzainek aipatutako gaztea sasi batzuen artean ezkutatuta topatu, atxilotu eta epailearen esku utzi zuen. Hauxe da atxilotutakoak urruntze-agindua hausten duen bigarren aldia, polizia arduradunen arabera. Argazkian, Getxoko Udaltzaingoaren Koordinazio Zentroa / © Getxo.net.
|
|
Emakumeen eskubideak aldarrikatu dituzte Erandion Igorlea: UKBERRI.NET - Data: Astelehena, 2010 Mar, 08 - 07:44 PM
25 Irakurketa
Beste hainbat udalerritan bezala, Erandion ere elkarretaratzea egin dute martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunean. Erandioko Emakumeen Gizarte eta Kultura Elkarteak egindako deialdiari erantzunez, ehun bat herritar batu da Irailaren 23a plazan, udaletxe aurrean, "Ordu asko eta denbora gutxi" leloa irakur zitekeen pankartaren atzean. Udal zinegotziren batek edo bestek ere parte hartu du gaurko kontzentrazioan: Asier San Nicolas, Arrizen Monasterio eta Santi Neira; Hirigintza, Herritarren Segurtasun eta Kultura zinegotziak, hurrenez hurren. Bihar, berriz, bisita gidatua egingo dute Erandion barrena, goizeko 9:30ean metro geltoki ondoko zabalgunetik abiatuta. Arratsaldean, “Erandioko emakumeak, berdintasunaren alde martxan” izenburuko hitzaldia izango da, 18:30etik aurrera, Altzagako azoka zaharrean. Argazkian, gaurko elkarretaratzea udaletxe aurrean.
|
|
| |
 |
|